Atal honetan, puntuazioarekin hasiko gara, geroago izen eta karguen inguruko aipamen batzuk egiteko.
1. Puntuazioa, telebistarako informazio testuetan
Telebistarako informazio testuak idazteko orduan, ohiko errakuntza da prentsa idatzirako idazten diren testuak bezalakoxeak egitea. Ikasleei unibertsitatera sartu baino lehen nola idatzi behar den irakasten zaie, baina sarri gutxi erakusten zaie nola hitz egin jende aurrean. Ba, telebistako hizkuntza ahozko mintzairatik hurbilago dago idatzizko hizkeratik baino. Hortaz, ikasleek aldaketa egin behar dute telebistarako idazten hasten direnean, puntuazioa bestela erabiliz, hau da, puntuazioa ahozko mintzairari egokituz.
Hitz egiteko testuak idazten ditugula pentsatu behar dugu telebistako berriemaileok. Emilio Prado-k (1985, 25) gogorarazten digun bezala " puntuazioak azaldutako ideia bere soinu unitatearekin erlazionatzeko balio du; beraz, unitate fonikoak adierazteko eta ez unitate gramatikalak adierazteko, kultura idatzizkoan egin ohi den bezala". Prado irakasleak pentsatzen du ikusentzunezko hedabideetan aski eduki behar genukeela koma eta puntuarekin. Etenaldi labur eta logikoak egiteko koma baliatu behar, eta puntua (apartekoa edo segidakoa) unitate fonikoak bereizteko edo amaitzeko. Hala ere pentsatzen dut, askotan, puntu eta koma jartzea ere lagungarria dela etenaldi laburtxoak egiteko eta ondoren datorrenarekin lotura jartzeko.
Bestalde, gidoiek eta makoek gogoeta eragiten digute diskurtso orokoarraren barruan, informazioan komenigarria ez den dramatizazioa, alegia. Telebistako albisteak idazteko unean komenigarria da aparteko bi esaldi egitea, perpaus bakoitza bere balioarekin doalarik. Deskodifikazioa bapatekoa dela kontutan hartzen badugu, entzuleari ahalegintxo bat eskatuko genioke, entzuleak beti emanen ez digun mesedea, alegia. Beste erremediorik ez badago, ondorengoa eduki behar dugu gogoan: "zenbat eta hitz gutxiago, hobeto".
Komatxoak ezin erabil daitezke, zeren bestela, ahotsa aldatzen ondo jakiteko, sabel-hiztunak izan beharko baikinateke, beste pertsona baten esaldi bat esan nahi dugunean. Telebistan, letra mota ezin alda daiteke, ezta kurtsibaz edo beltxean ipini ere. Hala ere, badugu zerbait hoberik: ebakiak edo lekukotzak. Hauek ez baleude, gure errekurtsoa zeharkako estiloa litzateke. Adibidez: "....(e)la esan du". Esaldi oso ezagunak badira, bestela: "basoa baso da eta platera plater" esan du Rajoy presidente espainiarrak. Hortaz, esaldiak oso laburrak edo esamoldeak direnean eta herritarrek ongi asko ezagutzen dituztenean posiblea da ahotsa apur bat bortxatuz esaldi ulergarriak esatea.
Beste pertsona baten zerbait aipatzen dugunean, aipuaren hasiera eta amaiera argiki uzten dituzten hitzezko errekurtsoak erabili behar ditugu. Esaterako: "... hau guzti hau izan da Urkullu lehendakariak prentsaurrekoan esandakoa" edo "... hauxek dira hildako eta kutsatuen kopuruak nazioarte mailan gaur arte".
Irakurketa ondo taxutzeko arnasketa-ahalbideak hartu behar ditugu aintzakotzat eta baita irakurketari eman nahi diogun interntzioa ere, noski. Ondoren hiru aholku jarriko ditugu:
1. Sarritan mekanikoki irakurtzen duguna, bestela irakurtzeko, beste intentzio bat emateko edo ondo ahoskatzeko, testuan ebakiak egin ditzakegu, horrela irakurtzea komeni zaiguneko esaldiak edo hitzak hobeto errateko. Hau egiteko, honako marra hauek erabil ditzakegu: /.../ edo //....//. Esaterako: "golegilea eta partiduko jokalaririk onena, Moskuko Spartakeko Diniyar //Bilyaletdinov// izan da" edo "Tailandiako jokalaririk onena izendatu dute //Sinthaweechai Hathairattanakool// atezaina" (ikusi beheko irudia). Aminoapps webgunekoek munduko jokalari izen zailenak bildu dituzte berriemaileok praktikatu ahal izateko.
Iturria: Animo |
2. Erranahi berezia duten hitzak azpimarratzea. Esaldian eragin komunikatibo gehien duten hitzak azpimarratu ahal ditugu. Esaterako: "Chivite presidenteak esan duenez, Nafarroako Foru Komunitateak bihar goizean jada ukanen du aplikazioa covid-19 birusaren detektatzean laguntzeko".
3. Esaldi laburrak eta luzeak egin, irakurtzerakoan arritmia sortzen laguntzeko. Era horretan testuak errazago heltzen dira ikusentzulearengana.
2. Izenak eta karguak
Jazoeretako protagonisten izen-deiturak notiziaren parte garrantzitsua dira. Izenek pertsonalizatu egiten dute gertaera, eta sinesgarritasuna ematen diote albisteari. Hori dela-eta, pertsonaia edo protagonista oso ezaguna ez denean, izen-deiturak esatea komeni da.
Protagonistak oso ezagunak direnean, albistearen hasieran aipatzea komeni da, zeren horrela entzuleen arreta lehen unetik gurekin edukiko baitugu, izenek interes handia sortzen baitute.
Izen-deiturak ebakitzeko zailak direnean, mako edo parentesi artean ebakera zuzena jartzea komeni da, edo gutxienez, lehen aipatutako zutikako marra makurtuak ipini erne ibil gaitezen ahoskatzeko momentuan. Esaterako, " Jon Paul II izendatu dute Aita Santu orain bi ordu, hau da, Karol Józef Wojtyła (Boitila)"
Bestalde, protagonistak kargu bat baldin badu, kargua aipatu behar dugu izena baino lehenago. Esaterako: "Coingeek enpresako presidentea den Calvin Ayre-k esan duenez, bitcoin SV da etorkizuneko txanpona" Baina, pertsonaia oso ezaguna denean, ez da beharrezkoa kargua aipatzea, ezta izena ere, deiturarekin nahikoa baitugu.
Izena ahoskatzeko zaila izanez gero eta pertsonaiak kargu bat badu, hobe da kargua aipatzea izena baino.
Batzuetan izengoitia erabil dezakegu, baina beti protagonistak ere erabili ohi duenean. Esaterako, "Sánchez Carrión Txepetx soziologoak idatzitako azken artikuluan....".
Erreferentzia
Prado, Emili (1985). Estructura de la información radiofónica. Bartzelona, Mitre argitaletxea.
Iruzkinak