9. Informazio saio nagusia: Teleberri

Telebistetako informazio saioak asko dira: notizia-aurreratzeak, orduoroko buletinak, saio bereziak eta abar. Adibide polita ikustearren, horra hor EITB erakundeak edo RT (Russia Today) kateak dituztenak: denetarikoak eta Interneten ere argitaratutakoak. Hala ere, guztien artean bat nagusitzen da telebista kanal gehienetan: teleberri edo tele-egunkaria, informazio saio nagusia, alegia. Teleberriek informazioa nolabait jantzita presentatzen dute, ordenaturik edo nolabait antolaturik, albiste nagusiak eta bigarren mailakoak bereiztuz teleikusleari atsegin zaion moldea, telebista sortu zenetik ikusi dugun bezala. Hala ere aldaketak egon dira teleberriak burutzeko garai desberdinetan. 

Telebistako informazio saio nagusiak edo teleberriak dira telebista estazioetako saio nagusiak maiz, eta gainontzeko saioak egituratzeko ardatzak. Denborak markatzen dituzte, goizetik arratsaldera pasatzeko marka uzten dute edota arratsaldetik gauera igarotzeko. Kanalek beti zaindu dute saio hau. Beraietan oinarritzen da gizarteari eman nahi dioten irudia, enpresarekin azkar identifikatzen dena. Bere buruari eman nahi dion irudia identifikatzen dute. Lerro ideologiko batekin lotzen da, baita negozio politika mota batekin, nolabaiteko profesionaltasunarekin, gaitasun teknikoarekin edo are zailagoa den zerbaitekin: gizarteari emaniko zerbitzuarekin (1). Eta epidemia edo gerra garaian berebiziko audientzia dute, Covid-19 birusaren garaian ikusi den bezala.

RAEng Publications

Telebistaren historian ikusi den bezala, hedabide honetako informazio saioek asko zor diote irratiari, irratitik jasotzen baitzuten informazioa telebistako lehen informazio saioetako berriemaile eta aurkezleek. Gogora dezagun Espainiar Estatuan esaterako 1952ko udako lehenbiziko teleberrietan aurkezleek irratiak entzuten zituztela geroago aurkeztu egiteko. Horren sinpleak ziren lehenbiziko teleberriak. Hastapen haietan irudiak oraindik ez ziren inportanteak. Garrantzitsuena aurkezle ona edukitzea zen, albisteak irakurtzeko ahots ona zeukan berriemailea  hain zuzen ere. Dena den, orduko esperientziak haiek agerian jarri zuten telebistaren gaitasuna informatzeko eta etorkizunean bideoak erakusteko. Eta denbora joan ahala, ikusi zen beharra zegoela albisteak ondo antolatzeko eta zenbait ordu zehatzetan irratian lez eskaintzeko. Espainiar estatuan hasieran, kamerak kalera atera zirenean gaurkotasuna grabatzeko, NO-DOren ereduari segitzen zaitzaion. Zinema egiteko kamerak erabiltzen ziren kaleko irudiak grabatzeko. Hortaz, telebistako informazio saioek zinema eta irratitik zuten nolabaiteko menpekotasuna. 

1960ko hamarkadaren amaieran tele-egunkariek irudia aldatu zuten frankismoaren garaian eta Europako ereduak elkarri kopiatzen hasi ziren nahiz eta zuri-beltzez eta zinemaren euskarriekin izan. Gogora dezagun lehenbiziko bideogailu portatilak 70eko hamarkadaren amaieran agertu zirela. Orduantxe ikusi ziren ordu erdiko teleberriak, albisteak sailakturik zeramatzatenak. 1990eko hamarkadara arte Espainian ez ziren aireratzen ordubeteko teleberriak, Latinamerikan eta Estatu Batuetan jada egiten ziren bezala. Gizarteak nola, horrelakoak teleberrien iraupenak ere.

Bestalde, 2020ra etorriz, teknologia aldetik, gauza berriak sartu dira teleberriak ikusgarriago egiteko, horietako bat Espainiako telebistan gauzatu dute 4k sisteman pantailak kontrolatzeko ondorengo irudian ikusten den bezala. Sistemak TDControl du izena:


EITBk ere aldaketa garaia bultzatu du albisteak aurkezteko eran 2019eko irailean, denboraldi berrian. Hauxe da itxura aldaketa hori Gaur Egun albistegi nagusian, Xabier Usabiaga aurkezlea izanik. Teleberri-rena ere ikus daiteke (ETB2):



Espainiako telebistan Telediario deritzon informazio saio nagusiak zenbait emanaldi ditu: astelehenetik igandera bitartean: goizeko 6.30etan, eguerdiko 15.00etan eta gaueko 21.00etan. Informazio saio horien atalak honakoak dira: estatala edo nazionala, nazioartekoa, soziala, kirolezkoa eta meteorologikoa. Audientziei dagokienez, bistan da telebista pribatuak aprobatu zituztenean politikariek arras aldatu zirela Espainiako Telebista publikoaren kaltetan, Wikipedian agertzen den bezala:

 

Wikipedia

Telebistetako informazio saioen panorama erabat aldatu zen telebista pribatuak sortu zirenean, boterean zeuden alderdi nagusiek prebendak edo lizentziak emanda talde ekonomiko batzuei. Teleberrietan publizitatea sartzen hasi ziren, ordura arte praktika txarra zena. Eta horrela, egunkari horiak bezala, telebista horiak ere agertu ziren, non iritzia eta informazioa ez baitira bereizten. Beste ondorio bat honakoa izan da: kirolei buruzko atala eta eguraldiari buruzkoa independizatu dira teleberri nagusitik publizitatea sartu ahal izateko atal bi horien hasiera baino lehen. Horregatik gaur egun, telebista kate batzuetan kirola eta eguraldia aparte doaz, teleberrietako loturak hautsiz. Euskal Telebistan urtero egiten dituzte aldaketak informazio saio nagusietan eta beraietaz informatzeko Urtzi Urkizu Berria egunkariko kazetaria izaten da iturri ezinbestekoa.

Editorea da Teleberri saioa antolatzen duen pertsona. Ekaia edo materiala atondu behar du minututegia (minutado gaztelaniaz) burutzen duelarik. Editorea errelizadorearekin koordinazio ona eraman behar du informazio saioa ondo irten dadin. Editoreak aukeratzen ditu titularrak eta atalak, eta beraz, antolatzaile eta arduradun nagusia bihurtzen da nolabait. Badira, teleberriak, zeinetan 40 albiste gutxi gorabehera biltzen direnik, notizia eta erreportaia gutxiago dituenik ere ohikoa izan arren. Minututegian, gaiak eta albiste edo erreportaia bakoitzaren iraupena jartzen ditu editoreak. Horrexek markatzen du linea editoriala eta ideologikoa albistegian. Lerro ideologiko nagusi horri erantsi beharko zaio albiste bakoitzak eduki duen karga ideologikoa, jakina. Hortaz, bi lerro ideologiko ager daitezke albistegi batean, eta batean edo bestean lerro ideologikoek ez dute zertan berdianak izan behar.

Minututegian azken orduko informazio inportanteak ager daitezke bapatean. Horrelako kasuetan bada mekanika bat hiru aukera hartzen dituena Gabriel Perezek komentatzen duen bezala (2): 

Azken orduko albisteak hartzen dira eta aurreikusitako batzuk kendu egiten ditugu. Editoreak usnamen ona eduki behar dute aukera hori burutzeko.

Bapatean heltzen diren albisteak sartzen dira aurreikusitako albisteen iraupena aldatzen. Hortaz, albiste batzuei denbora kentzen zaie berriak sartu ahal izateko.

Aurreikusitako minututegia mantentzen da eta notizia berriak sartzeko luzatu egiten da saioa. Horrela, aldaketarik ez da egiten.


Teleberri, EITB

Telebista da berriemaileentzako hedabide ahaltsuena eta teleberriak oso ondo zaintzen dira telebista kanal desberdinetan, bai handietan baita tokian-tokiko telebistetan ere. Deborah Potter-ek aipaturiko Jessica Grillanda irakasleak (3) hamar arau zehazten ditu, telebistako berriemaileentzat aintzakotzat hartu beharrekoak direnak. Hona hemen arauok, teleberrietako aurkezle eta editoreek aintzat hartu behar dituztenak informazioa teleberrietan ondo burutzeko:

1. Irudiak dituzuneino baino ezin duzu hitz egin.

2. Ez ezazu itxaron zure ikusleek bideoko testua edo tira irakur dezaten

3. Irudiak adierazkorragoak dira hitzak baino

4. Ez kontatu irudietan dagoena, ageri ez dena esan

5. Erreferentziatu zure irudiak

6. Klitxeak saihesten edo bazter uzten saiatu

7. Kronometratu: egokitu hitzak dituzun irudiei

8. Zenbaitetan hobe da irudiek beraiek adieraz dezatela adierazten dutena, mintzatzea baino

9. Ez ahaztu soinua: esaterako, jendetzaren txaloak entzunaraztea beharrezkoa bada, egizu ezbairik gabe.

10. Eta batez ere... informazioa kontatzen duena zu-zeu zara: sekuentziak grabatzea, scriptean kronometratzea eta soinu naturala hartzea alferrik dira, baldin eta ohiko 5 galderetakoa kontatzen ez baduzu. Behin amaitu ostean, eseri eta galdetu zeure kolkorako informazioa ondo kontatu duzunentz. Horixe da zure lana.


Erreferentziak

1. Pestano Rodriguez, José (2008). “Tendencias Actuales en la Estructura y Contenidos de los Informativos de Televisión”.  Revista Latina de Comunicación Social 63:453-462. 

2. Perez, Gabriel (2003). Curso básico de periodismo audiovisual. Eunsa, Iruñea.

3. Potter, Deborah (2008). Ten tips for writing TV news in http://www.advancingthestory.com/2008/04/12/ten-tips-for-writing-tv-news/


Iruzkinak