Idazgelak berriemaileentzako langelak dira, bistakoa denez. Idazgelan, albisteak ekoiztu, idatzi eta saioak burutzen dira atxikita egon ohi diren estudioetan. Idazgelen tamaina desberdina da. Tamaina informazio erakundeak kontrataturik dituen berriemaile ororen araberakoa da. Hortaz, tokian-tokiko telebistetako idazgelak montatzeko momentuan, berriemaile kopurua, behar diren estudioak eta hardwarea aintzat hartu behar. Horren arabera planifikatzen da idazgela, beti ere, gogoan izanik lan egiteko toki aproposa edo egokia izan behar dela.
Gaur egun, telebistako idazgelak multimedia idazgelak izaten dira, bertan Interneterako eta beste kanal batzuetarako edukiak ere ekoizten direlako. Telebista handia baldin bada, Interneten ere badu seguraski gune inportantea eta hori berori ere administratu behar da nondik edo nondik. Idazgela dago horretarako, telebistako informazio saioak eta gainerakoak egiteko eta aurretik prestatzeko. Horregatik idazgeletan bada elementu nagusi bat, berriemaile guztiek erabiltzen jakin behar dutena: ordenagailua. Konputadoreak berriemaileen lantresnak dira eta Internetetik informazio iturriak aurkitu ahal diren bezala, fitxategiak sortu eta gordetzen dira disko gogorretan zein hodeian, hots, onlineko zerbitzarietan.
Tokian tokiko telebista txikiek, gaur egun, honako zerbitzu hauek baliatu ahal dituzte Sarean fitxategiak gordetzeko. Idazgela nongura egoteko lehen urratsa izan daiteke hauetako zerbitzu bat edukitzea, berriemaile finkoek eta kontratatuek balia ditzaketenak. Asko dauden arren, honakoak aipa ditzagun, sarri erabiltzen baitira:
1. Mega (Kim Dotcom, Zeelanda Berrikoa) https://mega.nz/
2. Google Drive (Google) https://drive.google.com/start
3. Yandex drive: https://360.yandex.com/
4. Dropbox (Amazon enpresaren hodeian) http://dropbox.com
5. iCloud (Apple) https://www.icloud.com
Zerbitzu handi horiez gain, badira beste batzuk, interesgarriak izan daitezkeenak: SpiderOak, Cox, Box, Wuala, Minus, SugarSync, Syncplicity, Nomadesk, Tonido, GoodSync eta abar (1). Dena den, idazgelako berriemaile edo kazetari guztientzat hautatu nahi badugu bat, azterketa sakona egin behar da abantailak eta desabantailak ikusiz. Hautaketa prozesu horretan, seguraski, elementu inportantea izan daiteke idazgelako ordenagailuetan dagoen sistema eragilearen hautua. Hortaz, bistan da idazgelan Ubuntu Linux sistema eragilea aukeratuz gero, Mega edo Drive izan daitezkeela aukera aproposenak; edo ordenagailuak Apple enpresarenak izanez gero, iCloud zerbitzua hautatzea egokia izan daitekeela. Bestalde, gogora dezagun berriemaile bakoitzak bere kabuz ere eduki ahal duela onlineko zerbitzu horietariko bat eta ez dela zertan izan behar enpresak erabiltzen duen berbera, nahiz eta kasu batzuetan telebistako administratzaileek behartu ahal duten berriemailea, zerbitzu jakin bat erabil dezan.
Duela urte batzuk, Paul Bradshaw adituak (2008) oso modu eskematikoan islatu zuen nolako idazgela behar zen hurrengo urteetarako. P. Bradshaw-ek argiro ikusi zuen rol aldaketa zetorrela eta RSS eta Sare Sozialak aintzat hartzeko tenorea heldua zela. Sare Sozialen eta Web 2.0 mugimendua baino lehen, idazgelen organigrama eta funtzionatzeko era ohikoa zen, Pen And The Pad erakundearen gunean agertzen den bezala (2). Era tradizionalean, 5 rol edo postu egoten ziren: informazio, informazio editore edo lan banatzailea, erreportaria, ekoizlea eta berriemaile soila. Baina denboraren poderioz, telebistak eta informazio enpresak kontutan hartzen joan dira Paul Bradshaw-en antolakera, ondorengo organigraman agertzen dena.
Paul Bradshaw-ek agregatzaile edo aggregator-sub lanpostuan honako funtzioak eduki ditzakeela ikusten du: feed edo infojarioak hautatu eta bildu, informazio interesgarriari erreparatu eta hautatu, geroago publikatzeko edozein bitartekoren bidez (blogean, mikroblogean, wikian edo bookmarkguneetan, kasurako). MoJo adarra ere aipatzen du, hau da, Kazetaritza Mobila.
Ondoko irudian, Estatu Batuetako idazgela bat ikus daiteke. Zehazki, Miami hiriko WTVJ telebista estazioko idazgela (fotoa Wikimedia Commons-tik hartua da).
![]() |
WTVJ telebista, Miami, Florida, AEB. |
Argazkian ikusten denez, nolabaiteko mahai biribilak, espazio zabala eta ordenagailuak dira elementu deigarrienak. ETB erakundeak ere antzeko zerbait finkatu zuen Iurretako estudioak utzi eta Bilborako aldaketa egin zuenean. Bilboko idazgela zabala eta handia da, bertan EITB erakundeak argitaratzen dituen informazio ekoizkin guztiak edo ia-guztiak egiten direlarik. Hemen duzue, Bilbon, EITBren idazgela nagusiari egin nion fotoa. Ikus daitekeenez, mahai biribilik ez dago aurrekoan bezala.
![]() |
Egilea: G. J. Palazio. EITBko egoitza nagusia, Bilbao. |
Beste erronka bat, telebistako informazio zerbitzuek dutena honakoa da: in situ edo informaziogunean egindako albiste produkzioa, hau da, idazgela nola eraman edozein tokitara berriemaileek notiziak osorik ekoiztu ahal izateko. Are gehiago gaur egun, kontutan harturik berriemaileek erabiltzen dituzten telefonoak, laptop eta tabletak. Ericsson enpresa suediarrak, esaterako, LiveEdge teknologia proposatu zuen etorkizuneko idazgela aurkeztuz orain zenbait urte.
Hortaz, teknologiaren garapenak aukera eman digu jada berriemaile edo kazetariak idazgela edonora eramateko, hau da, betiko idazgela zentraletik at egoteko notiziak ekoizten. Betiko idazgelatik landa dabilen kazetariak orain bideoa ekoiztu ahal du, RAW formatuko fotoak bidal ditzake edota Twitter bidez informazioa argitaratu. Dena da posible, estudio eta estazio mobilak baliatzea gero eta merkeagoak baita. Horrela, kazetaria idazgela zentralean ez dagoen arren, online egon daiteke beti, informazioari aiduru.ETB erakundeak
Bukatzeko, hona hemen idazgela eredu bat, telebistalariek aintzat hartu ahal dutena erredaktoreek lana hobeto egin dezaten. Kontura zaitezte pantailek garrantzi handia dutela idazgela sortzeko unean. Pantailetatik heltzen dira albisteak eta sare sozialetako informazioak arakatzeko ezinbestekoak dira. Pentsa dezagun, esaterako Tweetdeck erabiliz gero pantaila zabala behar dela:
Erreferentziak
1. Las 15 mejores alternativas a Mega in https://www.capterra.es/alternatives/1014954/mega
2. Ezell, Skylar. Pen and the Pad. What is the newsroom hierarchy https://penandthepad.com/about-6327585-newsroom-hierarchy-.html
Iruzkinak