11. Giza ahotsa eta soinuak telebistan

 1. Sarrera

Lehenik aipa dezadan, gai honetako terminologian sakontzeko kontsultatu egin daitekeela UZEIk argitaraturiko Musika Hiztegia. Hor aurki dezake irakurleak zalantza terminologikoak uxatzeko bidea, soinu, ahots eta musikaren esparruan ager daitezkeen problemei itzurtzekoa alegia.


Argazkia: Quim Muns
 

Gure entzumenak jasotzen dituen uhinek soinuak osatzen dituzte. Soinu hauek gogorrak/ahulak, baxuak/zorrotzak eta harmoniadunak edo harmoniabakoak izan ahal dira. Soinuak jasotzeko orduan, mailak hartu behar dira aintzakotzat; ondoko taulan ikusten ditugunak erreferentziatzat har daitezke (dB: dezibel. Fisikan, soinu-intentsitatea adierazteko erabiltzen den unitatea). 

Soinuaren ezaugarri edo kualitateak intentsitatea, tonua eta tinbrea dira.

Soinuaren intentsitatea neurtzeko, soinu horren gogortasun- edo ahulezi-maila neurtu behar da; intentsitatea audio-energiaren jarioaldiaren araberakoa da, hots, molekulen desplazamenduaren anplitudearen araberakoa, zeina aire-presioaren bariazioarekin erlazionaturik baitago. Soinu baten tonua adierazteko, grabea (baxua) edo zorrotza (altua) dela esanohi dugu; tonua, audio-oszilazioen maiztasun edo frekuentziek xedatzen dute: behe-frekuentzia izanez gero, soinu baxuak ditugu; aitzitik, goi-frekuentziei soinu zorrotzak dagozkie; frekuentzia entzungarrien multzoa 20 Hz eta 20 kHz artean mugatzen da. Tinbrea, bestalde, soinuen pertsonalitatea da; nota berean finduriko bi musika-tresna desberdinek ez dute audio-sentsazio bera sortzen; harmonikoen presentziarekin dago erlazionaturik tinbrea; harmonikoak ondokoak dira: emititzen den oinarrizko frekuentziaren frekuentzia multiploak; soinua osotzen duten frekuentzien espektroa, hots, harmonikoen maila eta anplitudea, “tinbre” deitzen diogunaren ezaugarriak ditugu.

Ahotsa, telebistako elementu nagusia da irudiarekin batera, bistan denez. Gizakiek daukaten ezaugarri bereziena hitza baita, ideiaren kodifikazioa, ikusentzuleei transmititu nahi dieguna, alegia.

Euskararako Hiztegiak (1986) definizio hau ematen digu ahotsaz: "gizakiaren laringean sortuz, ahoko hutsunean moldea hartzen duen boza”. Definizio honetan ahots berbaren baliokide bat erabili zen (boza), oso egokia ez dena. Bestalde, Euskal Hiztegian (1996) Ibon Sarasolak definizio hau dakarkigu: “zintzurreko hariak dardaratzen direnean sortzen den hotsa”. Horra hor, beraz, labur eta zehatz, ahotsaren azalpena.

Izan ere, definizioan sakonduz, ahots-kordek airean sortzen duten soinua da, biriketatik irtetean laringeko korden bibrazioaren efektua anplifikatzen duen airearen eraginez sorturikoa hain zuzen, burmuinak laringeko kordak ibilian ipintzen dituelarik.

Gizakiaren fonazio-sistema 3 aparatu desberdinetan bana daiteke; hirurek bat eginez gero, giza ahotsa sortzen da.

a) Arnas aparatuak airea ematen digu, zeina bibrazioan ipiniz gero, soinu entzungarri bihurtuko den.

b) Fonazio-aparatua, soinua kanpoan entzungarri egiteko edo bihurtzeko gauza den airearen bibrazioa sortzen duena.

c) Erresonantzia-aparatua edo durundi-aparatua, sorturiko soinua aldatu eta finkatzen duena.


2. Fonazio aparatua

Bere organorik garrantzitsuena laringea da; onil edo inbutu baten itxura du laringeak. Bere zulo nagusia, faringearekin komunikatzen da goialdean. Eta zulorik txikiena, trakeaz edo zintzurresteaz, behealdean. Laringea zintzurresteko goiko bi oboen diferentziaziotik sortzen da. Faringearekin komunikatzen den zabalgunea epiglotis deitzen denaren bidez ixten da degluzioa egitean. Honen azpian estugune bat dago, zeinean goiko ahots-kordak dauden. Beheraxeago beste bi toles gehiago, bata bestetik oso hurbil, beheko ahots-kordak deitzen direnak, hiru ertzeko zulo baten mugakide (glotisa).

Artikulazio organoak. Gorka J. Palazio 

 

3. Giza ahotsaren tipologia

Giza ahotsaren tipologian sei mota desberdin topa ditzakegu:

1. Baxua: gizonezkoen ahots grabea.

2. Baritonoa: tenore eta baxuaren arteko ahotsa.

3. Tenorea: erdiko ahotsa, kontraltuaren eta baritonoaren artekoa.

4. Kontraltua: ahots ertaina, emakumeen ahotsen artean baxuena da.

5. Mezzoa: soprano eta kontraltuaren artean dagoen ahotsa.

6. Sopranoa: giza ahotsik zorrotzena edo altuena.

Mota hauez gain, badira beste bitarteko gama batzuk. Kontrabaxua ere sar daiteke sailkapen honetan, ahots hau ohiko baxuarena baino ahots grabe eta sakonagoa delarik.

Historian zehar, modak eta gustu estetikoen garapenak izan direla-eta, ahots-mota batzuk potentziatu dira besteen kaltean.

Giza ahots onak hiru eskala eduki ahal ditu. Kontatzen denez, Felipe V.ari penak arintzeko abestiak kantatzen zizkion Carlo Broschi (1737) hiru eskala eta erdira heltzen zen.

Baina, ahotsak beste modu batez ere sailka daitezke, ahotsaren kualitatea eta inflexio eta intentzioa kontuan hartuz:

1) Ahots estentoreoa edo trumoi-ahotsa: ahots gogor eta indartsua. Ahots mardula da espazio akustiko osoa betetzen duena eta eszenan nagusi dena.

2) Ezkila-ahotsa: ahots energiko eta maiestuosoa. Norberak duen konfidantza adierazteko erabili ohi da. Abenturazale eta jende ibiltari jakintsuendako erabiltzen da.

3) Ahots argentinarra: argia eta ozena. Tinbre atseginekoa eta metalikoa. Heroiarentzat erabiltzen ohi da. Galan edo jende dotorearendako erabili ohi da.

4) Ahots beroa: melodiatsua, harmoniatsua eta meloso edo eztitsua da. Bere baitarik asko komunikatzen duen ahotsa da. Emakume fribolo eta sentsualentzat erabiltzen da, baita gizonezko andrekoi eta seduktoreentzat ere.

5) Ahots gozoa: aurrekoarekin nahas daiteke. Honek, ordea, lotsa, ingenuitatea eta maitasuna adierazteko balio du. Suabea da, erregutzen duen pertsonarena bezalakoa. Gizonezko lotsatientzat ere erabiltzen da.

6) Ahots zakarra: ahots opakoa da, indarrik eta sonoritaterik ez duena. Agure-atsoentzat erabiltzen da.

7) Patar-ahotsa: ez da batere harmoniatsua. Mozkorti eta biziotsuek dutena bezalakoa da.

8) Maritxu-ahotsa: ozena, deigarria, txutxu-mutxuka aritzen direnena bezalakoa, baita maritxuena ere.

9) Ahots zuria: haurren ahotsa da.


Iruzkinak