Ene edukia / Mi contenido / My content

Social Nets: + 16.000 photos + 1000 videos + 24.800 tweets + 3500 pins

0. Sarrera. Berrien Idazkera Telebistan.

Telebista era desberdinez uler daiteke, kokaturik dagoen herriaren arabera. Bistakoa da telebistako informazio saioak desberdinak direla nazio sozialistetan eta kapitalistetan, tokian-tokikoak eta nazionalak, nazioartekoak eta espezializatuak . Nolanahi den ere, ohikoa izaten da industriak arrakasta ematen duten formatuak bilatzea etengabe. Urtero sortzen dira saio desberdinak, telebistako parriletan ikusle asko lortzeko asmoz. Genero desberdinetakoak izaten dira. Ohikoa da formulak nahastea, baita informazio saioekin ere. Emaitzak eskasak direnean, luzaro ez diraute saio berri horiek parrilan. Hala ere, saio aniztasun hori egon arren, badago egon hasieratik saio multzo bat, mantentzen dena: berriak edo albistegiak.

Telebistako albisteak kateen saio nagusia dira maiz, programazioaren gainerako egituraren ardatza. Eguneko zenbait ordu inportantetan emititzen diren informazio saioak gero eta landuagoak dira eta herritarrei aukera ematen diete egunean zehar informaturik egoteko, nahiz eta batzuetan desinformatu ere egiten baitute. Telebistek arreta handia jarri dute beti informazio saioetan jakin badakitelako beren sinesgarritasuna saio horietan islatu ahal dela.

Telebistako kateek programazioak erabiltzen dituzte ikusleekin harremanetan jartzeko. Programatzaileak eta edukien sortzaileak beharrezkoak dira telebistetan arrakasta edukitzeko, ezbairik gabe. Programatzaileen lana honetan datza: eduki egileen lanak baldintza onetan agertaraztea parriletan, ahalik eta hobekien ager daitezen. Telebistako saioak interesgarriak izan daitezke publizitaterako eta telebista pribatuetan bistan da zer gertatzen ari den informazioak eta publizitate mezuak nahastuz. Europan indartsuki sartu da joera hori, informazio saioetan publizitatea sartuz, bai telebista pribatuetan, bai eta publikoetan ere. Ez dezagun ahantz nola EITBn batzuetan albiste bihurtzen dituzten programazioko izar-saioak ere (El Conquistador saioko ikusle kopurua aipatuz, esaterako). Katearen edo telebista kateen parriletako saioak publizitatzeko aukera ere ikusi dute eta ondotxo profitatu dute telebistetan.

Telebista ikusentzunezko hedabidea da. Hortaz, irudia eta soinua hagitz inportanteak dira gertakizunak kontatzeko momentuan. Irudiak ondo hartzea eta transmititzea ezinbestekoa da, baita soinua ere. Pentsa dezagun une batez zer izango litzatekeen pilota partidu baten emanaldia pilotaren soinua emango ez bagenu. Soinuak sinesgarritasuna ematen du eta erakartzeko elementu bilakatzen da telebistan.

Telebistan hiru helburu egoten dira parrilak egiteko orduan: entretenitzekoa, formatzekoa eta nola ez, baita informatzeko helburua ere. Berriak zabaltzen direnean helburu hori onestasunez lortu behar da informazio iturri desberdinak kontsultatuz etengabe. Horrelaxe lortuko dugu informazio telebista profesionala, zerbitzu publikoa emanen duena, eta talde enpresarialen presioei gur eginen ez diena.

Bestalde, ez dezagun ahantz telebista asko aldatu dela azken urteotan, Interneteko teknologien bitartez. Egun, telebistan, ikusleek atzera egin dezakete berriak berriro ikusteko, edo grabatzeko, edota geroago Interneten bidez ikusi ahal izateko. Youtube eta Twitter ere bilakatu dira telebisten aliatu, eta horrelaxe begiratu behar diogu ikusentzunezko hedabide honi, orain 70 urte inguru sortu zen hedabideari.

Sarrera hau amaitzeko, ekar ditzagun hona EITBk Youtube-n duen kanala eta euskarazko erreportaien webgune ofiziala, telebistako informazioa lantzeko interesgarriak direnak, ezbairik gabe. Youtubeko helbidea ondokoa da: https://www.youtube.com/user/eitbcom/videos


Eta EITBren gune ofizialean euskaraz, nafarreraz alegia, argitaratzen diren erreportaiak topa daitezke.






Share on Google Plus

Egilea: Gorka Jakobe Palazio

Gorka Jakobe Palazio EHUko irakaslea da, webgune garatzailea, Linux erabiltzailea, elearningaren arloan aditua; eta halaber, ikaslea beti.
    Blogger Comment
    Facebook Comment

0 comment(s):