Ene edukia / Mi contenido / My content

Social Nets: + 16.000 photos + 1000 videos + 24.800 tweets + 3500 pins

4. Elkarrizketa telebistan

Genero dialogiko eta apelatiboen artean, elkarrizketa dugu seguraski genero nagusia. Gogora dezagun, genero horien artean galdetegia, prentsa konferentzia, estudioko gurpil informatiboa eta eztabaida saioak sartu ahal ditugula. 

Elkarrizketa, telebistaren arloan, prentsatik eratorria da, prentsako kazetariek sartu zuten telebistan behin XX. mendean ikusentzunezko hedabideak arrakasta lortutakoan. Prentsan elkarrizketa gehiago zen erreportaien osagarri, kazetariari datuak emateko erabilitako azpigeneroa, alegia. Elkarrizketaren bidez, berriemaileak datuak lortzen zituen eta horrela geroago idatzizko erreportaian sartzen zituen. Elkarrizketa ez zen bakarka sarriro erabiltzen. Telebistan, aldiz, elkarrizketak garrantzi handia du, elkarrizketatuak eta elkarrizketagilea agertzen direlako, deklarazioak beren horretan ageri direlako iragazkirik gabe. Elkarrizketa elkarrizketatuaren nortasunaren islada da eta hitzekin batera keinuak eta gogoaren egoera ere ikusten eta entzuten du ikusleak elkarrizketa plazaratzen dutenean telebistatik.

Prentsa idatzian elkarrizketak ez dira hainbeste prestatzen. Telebistan, ostera, ondo pentsatu behar dugu zer galdetuko dugun, ondo aukeratu behar da lekua elkarrizketa egiteko unean, ondo atondu behar dugu argigintza sistema. Prentsa idatzian, elkarrizketatua ez da hain urduri, jakin badaki zenbait hitz elkarrizketagilearekin bakarrik partekatu ahal duela; horregatik batzuetan elkarrizketatuak “hau gure artean gera dadila” esaten du elkarrizketa prentsa idatzirako baldin bada. Formalitate txikiagoa dago prentsa idatziko elkarrizketan, telebistan baino.

Horrez gain, prentsa idatziko elkarrizketan erraza da deklarazioak okertzea, elkarrizketatuak egindako hitzak desitxuratzea, elkarrizketako zati batzuk ezkutatzea eta beste batzuk argitara ematea. Telebistan, hori ez da gertatzen, elkarrizketatuak emandako hitzak hor daudelako. Telebistan elkarrizketatuak ezin du esan manipulatua izan denik, berak egindako deklarazioak hortxe daudelako, irudietan eta norberaren ahotsean. Prentsa idatzian berriemaileak bi aukera ditu elkarrizketatuaren hitzak boligrafoz apuntatzea edo grabazioa egin. Azken bolada honetan telefono mobilak erabiltzen dira grabazioak egiteko. Telebistan, aldiz, grabazioa estudioan edo kanpoan egiten da eta hor geratzen da zuzenean emitituz edo artxiboan gordez behin programaturiko emanaldia bukatutakoan.

Telebistako elkarrizketan oso inportantea izaten da elkarrizketatuaren elementu paralinguistikoak hartzea; horregatik, batzuetan, bi edo hiru kamera erabiltzen dira elkarrizketan parte hartzen duten pertsonen adierazkortasun keinuak ondo harrapatzeko.

Amerikako Estatu Batuetako CBS kateak (1) honako planteamenduak egiten ditu telebistako elkarrizketak ondo burutzeko:

1. Ahalik eta gehien jakin behar du berriemaileak gaiaz. Ondo ikertu behar da pertsonaian edo elkarrizketatua mugitzen den gaian. Zenbat eta gehiago jakin elkarrizketatuaz, orduan eta hobeto eginen dugu elkarrizketa, bistan denez. Petsonaiaren sinesmenak, gogoetak, artikuluak eta pasadizoak baldin badakizki berriemaileak, elkarrizketa osotuagoa edo interesgarriagoa izan ahal da.

2. Elkarrizketa zuzenan eginez gero, berriemaileak birritan pentsatu behar ditu galderak egin baino lehen.

3. Arreta jarri behar diegu elkarrizketatuak egiten dituen deklarazioei, horrela datu interesgarriak edo aldez aurretik galdetegian ez zeudenak aterarazteko. Sarritan, elkarrizketatuak norabidea markatzen du eta berriemaileak jarrati egin behar dio, aurretik prestatutako galderak albo batera utzita. Berriemaileak gainera ez du galderarik egin behar, baldin eta elkarrizketatuak aldez aurretik galdera horiei nola edo hala erantzun badie. Hortaz, elkarrizketatuak esaten duena arretaz adituko dugu elkarrizketa egin bitartean.

4. Galderak gaiarekin zerikusi dutenak izan behar dira, hau da, galdera aproposak elkarrizketan dugun planteamendu eta helburuekin.

Amaitzeko, ikus dezagun ondoren BBCk Hugo Chávez presidente venezuelarrari duela urte batzuk egindako elkarrizketa polemikoa. Zer iruditzen zaizu? BBCk zentsuratu egin zuen 20 minutu kenduz.

Hugo Chávez-i eginiko elkarrizketa


Erreferentziak:

1. CBS News (1968). Técnica de las noticias en televisión, 161. or., Trillas, Mexiko.

Share on Google Plus

Egilea: Gorka Jakobe Palazio

Gorka Jakobe Palazio EHUko irakaslea da, webgune garatzailea, Linux erabiltzailea, elearningaren arloan aditua; eta halaber, ikaslea beti.
    Blogger Comment
    Facebook Comment

0 comment(s):