12. Arnasketa telebistalarien baitan

Mikrofono batetik mintzatzeko gauzarik garrantzitsuena, arnasketa ondo egitea da ezbairik gabe. Ezinbestekoa da sudurretik aire asko hartzea, berba egiten hasi aurretik. Cristina Romo-k dioskun bezala (1987, 51), arnasketa giltzarria da aire-jarioa menperatzeko eta horrela airearen botatzea era batera edo bestera izan dadin. Arnasketa ez da nabaritu behar, egiten ditugun etenaldiak aprobetxatuz egintza hori burutzeko. Beti ere sudurraz egin behar dugu arnasa sartzea, sartutakoan airea gordez, zeren aire-erreserbarik gabe geratzen bagara, mikrofonotik esandako azken silabak itzali egiten baitira; indarrik gabeko hitz bilakatzen ditugu, alegia.

Arnas mugimenduak bular-kaiolaren dilatazio eta uzkurduren bidez sorturiko egintza da arnasketa, dilatazioa eta uzkurdura elkarren segidakoak direlarik. Mugimendu bakoitza denboraldi bitan deskonposatzen da:

— Arnas hartzea edo aspirazioa: airea biriketan sartzen da.

— Arnas botatzea edo espirazioa: biriketan metaturiko airearen parte bat irtetea.

 

Egilea: David Mark.

 Hiru arnasketa-mota daude:

a) Toraxaren goialdeaz egiten dena (bular-arnasketa). Europan nahiko ohikoa da; andrazkoek egin ohi dutena, baita beren irudia ondo gorde behar duten pertsonena ere: faxadun exekutiboena edo arropa estua daramatenena.

b) Behe-sabelaldeaz egiten dena. Abdomina edo ziborraldea handitu edo zabaldu egiten da, bularra higitu barik. Antzerki-eskoletan oso erabilia.

c) Arnasketa osoa edo diafragmatikoa. Aipaturiko bi aldeez egina. Sabelaldearen arnasaldia nagusitu egiten da. Higienikoena eta funtzionalena da. Umeek eta animaliek egin ohi dute. Izan ere, era hau naturala da, besteek jatorri kulturala duten bitartean.

Bistakoa denez, fonazioak airea behar du. Airea mintzatzeko edo kantatzeko lehengaia da. Irratitik mintzatzea eta mikrofonoa itzalita mintzatze soila, ez dira gauza bera. Gure ahotsa uhinetatik doala jabetzean, "irratia bizitzen ari zarela” esan ohi da; honek bihotzaren taupadak azkartzea dakar, burmuinera doan odola areagotu egiten da eta "tentsioa" sortzen da irratiko esatariarengan. Hortaz, oxigeno gehiago erretzen da irratitik mintzatzen garenean. Adrenalina gehiago jariotzen zaigu, arrisku-sentsazio bat nagusitzen da gutaz (txarto aterako ote? galdetzen diogu geure buruari). Urduri edo artega jartzen garenean, arnasketa diafragmatikoa ondo egitea kostatu egiten zaigu; orduan bular-kaiolaz egiten den arnasketa da erabiltzen duguna, eta konturatu gabe lepoak eta bularreko giharreak jasotzen ditugu, arnasa egiteko daukagun ahalmen osoa martxan ipintzen ez dugularik.

Egia esan, ezin da arau finkorik eman arnasa egiteko modu onena zein den erabakitzeko; pertsona bakoitzak berea dauka. Esate baterako, andrazkoek gehiago garatu dute bularreko arnasketa. Irratian, kirol-emanaldietan edo hondamendiak jazotzen direnean, kontrolaezinezkoak dira zirrarak. Kasu honetan, irratilariak ahaleginak egin behar ditu arnasketa osoa edo diafragmatikoa egiteko. Hitz egitean arnasaren bolumen osoa erabiltzea komeni da, eta honetarako arnasketa diafragmatikoa egin behar dugu. Behean etzanik eta esku bat sabelean eta bestea bularrean ditugula, ariketa ona izaten da konprobatzea nola, arnasa hartzean, lehenbizi sabeleko eskua altxatzen den, eta jarraian bularrekoa (dena fase bakar batean egin behar da). Hatha-yogaren bidez hagitz ongi ikasi ahal da arnasketa hau egiten.

Iruzkinak