Ene edukia / Mi contenido / My content

Social Nets: + 16.000 photos + 1000 videos + 24.800 tweets + 3500 pins

Iraganak berretsi egiten digu egungo ideologia: nafarrak gara

Aingeru Epaltza herkide goinafarrari Berria kazetan egindako elkarrizketa irakurri ostean, otu izan zitzaidan artikulu honen titulua. Iraganaren berrirakurketa egin behar izan dudalako Bizkaiaren nafartasuna aldarrikatzeko. Aldarrikapen hori ez dut nik soilik egiten, gero eta bizkaitar gehiago ezagutzen dudalako iraganaren historian ikertutakoan, nafarzaletasunaren aldarria egiten dutenak.

Anacleto Ortueta Juan de Ajuriagerra jeltzale ospetsuaren agintari militarra izan zen Santoñako Ituna izan zeneko garaian. Ortueta fededun katolikoa oso azkarra zen eta denboraren joanean eta herbestean zegoela, gauza garrantzitsu batetaz konturatu zen: abertzaleen planteamendu historiografikoa ez zen bere gustokoa. Ondoren azalduko dut hori, Ortuetaren ideiak neure egiten ditudalako. Egun biziko balitz Ortueta bizkaitarra, nafarra zela esango luke seguraski. Bizkaiko euskaltzale batzuek ere horixe diote egun.

Abertzaletasunak euskal nazio konzientzia piztu arren, foralismoaren ikuskera historikoa bere egin zuen eta euskal lurraldeen konfederakundea izan du helburu, herrialde guztiak parekatuz eta guztion identitate nafarrari uko eginez. Abertzaletasunak euskaldunon herriak izaera edo antolamendu politikoa gauzatzeko eskubidea genuela erakutsi zigun. Sabin Aranak garai hartako planteamendu etnizistak bere eginez Bizkaia independientea, Euzkadi kontzeptua eta euzkera berria aldarrikatu eta gauzatu ere gauzatu zituen. Inork gutxik pentsatuko zuen garai hartan Arana Goiriren ideiek mugimendu politiko zabala sortuko zutela eta hala ere sortu ere sortu zen mugimendua Arana anaiek lan eskerga egin zutelako arlo politikoan. Aranak bere garaiko beste euskaltzale batzuek ez bezala, ez zuen kontutan hartu Nafarroako erresumaren ibilbidea. Arana Goiri Gaztelapeko Bizkaiko jaunen herriaren historia zuen buruan, Esteban de Garibay arrasatearraren historia, Gaztelapeko jaun bizkaitarren historia, foruzaleen historia, oinaztarrek bultzaturiko historia, preseski. Eta horiek apropos zuten ahaztuta Nafar Erresumaren presentzia Mendebaldeko euskal herrialdeetan. Horrela izan behar zen irabazleek komeni zaiena soilik kontatzen dutelakotz; azken finean, Garibay-k Gaztelako erregearentzat lan egin zuen.

Balizko Euzkadi batuak zazpi herrialde baino ez zituen edukiko eta Nafarroa residual edo zokoratua (Nafarroa Garaia, egun) beste herrialdeen pareko bilakatuko zen. Errioxa eta Landeta, baita Pirinioetatik haratago nafarrok eduki genituen lurrak ahantziak izan ziren. Ordutik hona, abertzaleentzat, Euzkadi edo Euskadi-k Bizkaian izan du zentralitatea. Bizkai aberatsa eta populatua aberriaren zentralitatea izan eta, gudaroste eta izparringiaren euzkera zail eta asmatua mintzaira berritua bilakatu behar zen. Hizkuntza zaharra zaildu zuten horrela abertzale hiperbizkaitarrek eta egungo hizkuntz egoera kaskarra hein batean horri esker gertatu da. Horregatik, beren burua abertzaletzat duten asko egun gaztelaniara pasatzen dira nafarron hizkuntza nazionala albo batera utziz. Ideia horiek, izan ere, erabateko planteamendu iraulketa ekarri zuten eta esfera politikoan joera berria sortu zen fuerismo autonomista, espainiarzaletasun eta frantziazaletasunarekin lehian hasteko. Abertzalismoa sortua zen eta Campion eta gainerakoen ideiak ahantzi xamar geratu ziren, abertzalismoa indar handiak hartzen ari zelako Bizkaian.

Bistan da Arturo Campion euskaltzaleak ez zituela Sabin Aranaren planteamendu historikoak. Goinafarraren ustez, euskaldun ororen historia Nafar Estatuan zentratzen zen, Nafar Erresuman hain zuzen ere. Campionek, Iturraldek, Pedro Nabaskotzek eta hainbat euskaltzalek euskal nazioa kulturan eta historian oinarritu nahi zuten, zentralitatea Nafarroako Estatuan jarriz; euskaldunok inoiz estatua izan badute Nafarroako erregeekin gertatu baita hori.

Baina, tamalez, Campion-eta kultur jendea zen ororen gainetik eta liburu ederrak eta hunkigarriak idatzi arren, abertzaleen ikuskera berria nagusitu zen. Ordutik hona, urteak pasatu dira eta nabarrismoa berriz ere indartzen ari da historialari nafar batzuei esker. Ideia zaharkituak direla erranen dute batzuek, baina hori diotenek argiro ikusten dute Euzkadi kontzeptuarekin zer gertatu den. Euzkadi hori, hedabideek aireratzen dutena ez da inondik inora abertzaleek nahiko luketena. Eta Goi Nafarroan, errespetu handirik ez dute ukan euskaltzale goinafarrekin. Hori dela-eta, gauzak aldatzea ez litzateke txarra izango.

Noiz eta Bizkaiko politikariek Lopez Harokoaren estatua kentzen baitute eta gure errege nafarren oroikarriak jartzen baitituzte, orduantxe sinetsiko diegu abertzaleei hertzaleok. Abertzaleek bandera nafar gorria EAEn, hots, Mendebaldeko Nafarroan ez erabiltzea goinafar euskaltzale askorenganako afruntu edo laidoa dateke. Batzuek aberrian sinesten dukete, nik herrian soilik, nafarren herrian, ganboatarren eta agramondarren herrian. Abertzaleek espainiar eta frantsesek bezala, mugak eta trabak jarri dituzte kultura amankomunean oinarrituz Mendebaldeko Nafarroak, Goi Nafarroak eta gainerako lurraldeek euskaltzaletasuna aldarrika dezaten. Iraganak berresten du gure ideologia. Libertatea, errespetua eta iragan lapurtuaren berreskuratzea gogoan eduki ezik, Villanueva Edo, García de Cortázar eta enparauek kontatzen diguten historiaren bertsiotik ez dira irtengo gure seme-alabak. Abertzalismotik hertzaletasunerako pausoa eman behar dugu eta inteligentziatik sortu Federico Krutwig, Alfonso Irigoien, Esarte, Sorauren, Urzainki eta hainbat intelektualek egin bezala gure kultura eta historia ikusteko molde berria.

Hasteko lehen oinarria ipinita dago: zer eta Nafarroa Batuaren mapa historikoa. ETBren mapa berriak ongisko adierazten du nafarroi traizioz eta armaz konkistatutako lurraldeak zein diren. Inperialistak izateke, eta errioxarrak atzerritartzat dituzten abertzale horiek ez bezala, nabarrismoak politikarako saltoa eman behar duke. Baiezkoan nago eta ongarria litzateke abertzaletasunaren bilakaera edota haustura, baldin eta nafarrok politikoki benetan batzea nahi izanez gero. Gero eta gehiago dira basko eta nafar sinonimotzat dutenak. Iruñea ez da soilik Goi Nafarroako hiriburua, Iruñeak zentralitatea errepresentatzen du nafartzat sentitzen garen askorentzat.

Historiaren logika hautsi egiten da askotan, onerako zein txarrerako. Nafarroaren kasuan, txarrerako izan da azken 800 urte honetan. Mendebaldeko Nafarroako lurrak Gaztelaren menpe geratu ostean, nafarrok Pirinioetatik haratago irautea suertatu zitzaigun Frantziarekin botore politikoa galdu arte. Data esanguratsua ere izan genuen: 1512. urtea, Gaztelapeko oinaztar-beamondarrek gure kontra egin zutenekoa Iruñea armaz konkistatuz. Laster beteko da horren urtemuga eta abertzale batzuek horri ez diote erreparatuko segurik. Baina hertzale nafarrek bai, gogoan izango dute data hori, gure herriak baturik irautea nahi dugulako. Nafarroa Batua ukan behar du helburu hertzaleak; abertzaleak, ostera, euskal komunitateren baten independentzian baino ez du pentsatzen, herrialdeen status quo-a arazo nagusia ez delako uste baitu. Ganboatarrontzat Nafarroa oraindik existitzen da Bizkaiko lurretan, baita Gipuzkoan eta Araba osoan ere. Nire arbasoak nafarrak ziren, Araban eta Bizkaian bizi izan arren. Nafar adjektiboaren erabilera paradigma aldaketaren gauzatzea da. Nabarralde-k, SUBO-k, Nafartarrak elkarteak eta gainerako elkarte kulturalak paradigma aldaketaren hazia eta pizgarri dira, politikarako saltoa ez da gertatu baina. Kulturatik abiatzen diren mugimendu politikoak ongi etorriak bitez! Krutwig-ek hamaika aldiz eskatutakoa lortzeko gauza izango ote gara euskaldunok: kulturan oinarritutako Baskonia Zaharraren berritzea.

Logika, historian, status quo-aren aldaketagabeko bidea baino ez da. Eta herritarrok maiz aldaketak eskatzen ditugu gaizki eginak salatu egin behar direlako. Nabarrismoak EAEn arrakasta edukitzea litzateke mugarri ederra, abertzale eta espainizale askok ongi ikusiko ez dutena, azken buruan, abertzale zein espainiar nazionalista batzuen zentralitatea Madrilen eta Vocento-ren produktuetan baitago oraindino.

Iragana geratzen da eta iragan horren gaineko egia berreskuratu behar dugu, nahi dugunok eta sinestunak. Fedegabekoak ere ez dira mugituko eta status quoarekin kontent izango dira. Baina, nabarrismoak egiten duen bezala, hobe da ezker-eskuin eta ideologia guztietatik heltzen diren kritikei erantzutea egia historikoa berreskuratu ahal izateko.

My content is free like GNU/Linux, take a look at:
Bloggerlandia :: Eduvlog :: Ikasvlogak :: Ikastube :: Ehuugle :: Weblearner.info :: Idaho shots
Share on Google Plus

Egilea: Gorka Jakobe Palazio

Gorka Jakobe Palazio EHUko irakaslea da, webgune garatzailea, Linux erabiltzailea, elearningaren arloan aditua; eta halaber, ikaslea beti.
    Blogger Comment
    Facebook Comment

0 comment(s):