1. Telebistaren historia laburra

1927. urtean, Bell Telephone Companyk lehenbiziko esperientzia publikoetako bat egin zuen telebistarekin. Horrelako ekimenak ohikoak izan ziren ondorengo urteetan, irratirako materiala egiten zuten enpresetako tresnak erabilpenik gabe gelditzen ari zirenez, tresna horiek hedabide berri batekin lotu nahi zituztelako. 1929. urtean, uhin luzeen bidez igorritako telebista-saioen emankizuna inauguratu zuen The Daventry Britainia Handiko igorgailuak. Irudiek oso bereizmen maila txikia zuten. 

1931. urtean, RCA boteretsuak telebista-instalazio bat jarri zuen Empire State Buildingen, New Yorken. Desordena teknikoak iraun egin zuen, egoera normaltzeko hainbat saio egin arren: 1933an 240 lerrotan igortzen zen; 1935ean 343an; 1939an 441ean eta 1941ean 525ean.
Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, zerotik hasi zen berriro telebista. Irratirako materiala egiten zuten enpresak merkatu berri horretan sartu ziren buru-belarri. Irudien bereizmena eta normalizazioa izan ziren arazorik handienetakoak: AEBetan 525 lerro mantendu zituzten arren, BBC britainiarrak 405 lerrotan igortzen jarraitu zuen. Europako beste herrialdeek, berriz, 625 lerroen alde egin zuten. 

Britainia Handian, baina, telebistaren garapena apur bat makalagoa izan zen; 1948an 45.000 hargailu zeuden, 1949an 240.000, 1951n 590.000, 1952an 1,5 milioi, 1957an 6,9 eta 1962an 11,8. Frantziako prozesua are makalagoa izan zen, 1953an 60.000 hargailu besterik ez baitzeuden. Mendebaldeko Europan 1951n hasi ziren emanaldiak; Herbehereetan, Belgikan eta Danimarkan, berriz, 1953an. Austriara, Luxemburgera eta Monakora 1955ean iritsi zen,eta Suedia eta Espainiara 1956an. 

Lehenengo emanaldiak 

Telebistaren sortzea, hazkundea eta garapena ulertzen baditugu, hobeto geureganatuko ditugu azken urteetan izan diren aldaketa soziologiko eta politikoak. 

1948an, Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) eta Britainia Handian baino ez zeuden telebista-emanaldi erregularrak edo maiztasunezkoak. Hamarkadaren amaieran publizitate-kanpaina handiak egin ziren Europako beste herrialdeetan, hiritarren artean telebista ezagutarazteko.

Espainiako Estatura nahiko berandu iritsi zen telebista, Europako eta Latinoamerikako beste herrialdeekin alderatuz gero. Administrazioa ez zegoen prestatuta hiritarren bizimodua aldatuko zuen hedabidearen funtzionamendua bere egiteko. TVEren emanaldi erregularrak 1956ko urriaren 28an hasi ziren Madrilerako emitituz. 

Inprobisazio handia egon zen hainbat gai inportantetan (sarea garatzean, programak finantzatzean eta TVE zuzenbide, enpresa eta lan mailan antolatzean, besteak beste), baina harrigarriena da Estatuan ez egotea merkatua hornitzeko telebista-lantegirik. 

Frantziaren kasuan, erakunde desberdinak izan dira telebista publikoa kudeatzeko orduan. Hastapenean, Frantziako hedabide publikoak «Radiodiffusion Nationale» (RN, 1939-1945) izeneko erakundearen barruan zeuden; geroago, «Radiodiffusion Française» (RDF, 1945-1949) hartu zuen izena erakundeak; eta geroago, «Radiodiffusion Télévision Française» (RTF, 1949-1964) izena erabili zen. Azken aldaketa batzuk egon ziren 1964. urteaz geroztik, «Office de Radiodiffusion Télévision Française» (ORTF, 1964-1975) eta 1998. urtean Lionel Jospin-en kabinetak beste aldaketa bat sortu zuen France Télévisions erakundea sortuz. Azken erakunde horretan France 2, France 3, La Cinquième, Arte France eta RFO erakundeak biltzen dira.
Telebistaren hedapena 

 Bigarren Mundu-Gerran telebistako emanaldiak bi herrialdetan baino ezin izan ziren ikusi. Amerikako Estatu Batuetan eta Alemanian soilik iraun zuten telebista-emanaldiek. Ikusle gutxi ukan zuten emanaldi haiek eta behin Alemaniak gerra galdutakoan, britainiarrek eta sobietarrek telebistako instalazioak desmuntatu zituzten eta haien herrira eraman zituzten. 

Estatu Batuetan, esaterako, behin mundu-gerra amaitu ostean, 7.000 telebista-jasogailu baino ez zeuden. 7.000 familia haiek sei kanalek emititzen zutena segitzen zuten. Gerra amaitu eta hiru urtetara, ekoizleak etengabe telebistaparailuak egiten hasi ziren eta 1950. urtean jada milaka etxetan zeuden aparatuak eta ehun kate edo kanal inguru zeuden saioak emititzen. 1953an 139 kanal zeuden AEBetan eta 22 milioi aparatu zeuden irudiak ikusi ahal izateko. 1962. urtean 634 kanal zeuden eta 50 milioi telebistaparailu. 

24 orduko informazio telebista 

Frantzian eta Espainian, Nafarroan ez bezala, informazio kanalak sortu dira azken urteotan, etengabe informaturik egoteko telebista bidez; baita Katalunian ere. 24 orduz informazioa etengabe ematen duten nazioarteko kanalak dira. Katalunian, esaterako, TV3k nazioarteko kanala du Katalan Herrietatik landa bizi diren katalanak informaturik egon daitezen (1). Internet-en bidez segi daitezke informazioak ondoko irudian ikusi ahal den bezala. Espainiako telebistan 24 h deritzon kanalak betetzen du funtzio hori eta zuzenean ikus daiteke Internet-en bidez (2).
Iturriak

France Télévisions. https://es.wikipedia.org/wiki/France
Télévisions Hiru. Telebistaren historia laburra. https://www.hiru.eus/eu/medios-de-comunicacion/breve-historia-de-la-television 
Melgar, Luis Tomás (2003). Historia de la televisión. Madril, Acento. 

Aipamenak ​

1. https://www.ccma.cat/tv3/directe/tv3cat 
2. http://www.rtve.es/directo/canal-24h

Iruzkinak