Ene edukia / Mi contenido / My content

Social Nets: + 16.000 photos + 1000 videos + 24.800 tweets + 3500 pins

5. Telebistalarien informazio iturriak


Azken urteotan asko aldatu da panorama telebistako informazio saioen idazgeletan erabilitako iturrien esparruan. Batez ere Web 2.0 zerbitzuak eta Twitter sortu zirenetik, iturriak bestela ikusten dira. Garai batean informazio iturriak Efe agentzia, Vasco Press, France-Presse eta antzekoak ziren nagusi. Gaur egun ere, nahiz eta informazio agentzia profesionalak ere baliatzen diren, sarritan sare sozialak ere erabiltzen dira azken uneko albisteak emateko. Nolanahi den ere, iturriak desberdinak izan daitezke hainbat faktoreren arabera. Horrela, kokapen geografikoa, joera ideologikoa edota telebistak darabilen hizkuntzaren arabera aski diferenteak izan daitezke telebistek darabiltzaten iturriak.

Ondoren, informazio saioetan erabiltzen diren iturri nagusiak ikusiko eta iruzkinduko ditut.

1. Albiste agentziak

Ohiko informazio agentziak hedabideak albistez hornitzeko sortu dira. XIX. mendeko bigarren erdialdean sortu ziren agentziak. Beren lana burutu ahal izateko, bistan denez, korrenpontsal edo berriemaileak edukitzean zetzan eta datza gaur egun ere. Berriemaile horiek notiziak jaso eta berehala bidaltzen dituzte egoitza zentralera, geroxeago informazio hori ahalik eta lasterren igortzeko hedabide edo enpresei. Albisteak uneoro bidaltzen dituzten agentziak asko dira munduan. Nazio bakoitzak albiste nazionala edukitzen du. Horrela, Frantziak France-Presse edo AFP izeneko agentzia du, Espainian Efe deritzona dago, Errusiar Federazioan Sputnik, Estatu Batuetan AP eta UPI, Bretainia Handian Reuters, edo Txinan Xinhua izenekoa. Wikipedian munduko handienen gaineko datuak kontsulta daitezke.

Nafarroako komunitate autonomoetan Vasco Press izeneko albiste agentzia existitu zen 1982. urtetik, baina 2015ean ateak itxi behar izan zituen krisiagatik. El Correo egunkariak honela ekarri zuen itxidurari buruzko albistea:

Esan dezadan informazio agentziek bidaltzen duten ekai edo materiala abiaburua izan behar dela telebistalariak informazioa burutzeko, hau da, hasierako datuak biltzen dituen ekaia geroago informazioan sakontzeko. Hastapeneko informazio ekaia bailitzan hartu behar dugu. Informazio horiek abiaburu direnez gero, komeni da janztea edo hornitzea apur bat bada ere. John Hasling adituak (1980, 143) erran zuen bezala: "The discriminating newsperson will use the wire service as a fundation, but add to it her or his own stories and local angles on national events". Hortaz, Nafarroako telebistalariok ere arrazoia eman behar diogu Hasling-i eta anglosaxoien esparruan esaten den moduan rewrite edo berridatzi egin behar da agentziatik heltzen zaigun informazioa datu gehiago lortuz eta informazioa bera egiaztatuz. Pandemia garaian esaterako, Efe agentziak honela eman zuen txinatarrek Covid-19 gripearen kontrako txertoa lortu izana. Ariketa polita da irakurtzea eta gogoeta egitea nola emanen genuke albiste hori telebistatik (zelako irudiak edo grabazioak, zelako datuak...)

Agentzietatik datozkigun informazioak heltzen diren bezalaxe emateko tentazioa handiegia da sarri telebistako berriemaileentzat. Telebistalariak sarri ahantzi egiten du informazio datu berriak, audio dokumentuak edo lekukoen testigantzak esaterako erantsi behar direla.


2. Telebistako berriemaileak

Telebistek ongi zaindu behar dituzte beren informazio propioa. Berriemaile profesionalak eduki behar dituzte, bai idazgeletan, bai idazgeletatik kanpo ere nazioarte mailan. 

Telebistako berriemaileek albisteak hautatzen dituzte lehenik, beren ustez garrantzitsuenak direnak informazio saioko arduradunekin kontsultatuz. Albiste unitateak telebistalariek beraiek sortuak izan daitezke edo aurretik emandakoak izan daitezke. Bigarren kasu honetan, bistan denez, telebistako berriemaileak ez dira iturriak edo sorburuak; lehenengoan, aldiz, informazioak berriemaileek beraiek landuak eta hastapenetik eginak direnean, iturri bilakatzen dira. Horrexegatik dira inportanteak telebistek nazioarte mailan dituzten berriemaileak.

Telebistan, irratian bezalatsu, gaur egun aski inportantea da informazioa gaurkoturik edukitzea uneoro, edozein momentutan gaurkotasun itzela duen albiste bat ager daitekeelako, programazioa aldatzea ekar lezakeen albistea hain zuzen ere. Eta berriemaileak erne edo aiduru egon behar du.

Kanpoko berriemaileak edo korrespontsalak bidaltzen duen informazioak ezaugarri berezi bat dauka: errealitatearekiko harremana zuzenagoa da, eta ondorioz, giro soinuak eta berriemailearen irudiak eta ahotsak bertaratu egiten gaituzte, sinesgarritasun handiagoa ematen digute. Albiste agentziek esan ez dituzten datuak eman ditzake korrespontsalak edo bereziki bidalitako berriemaileak.


3. Entzunaldiak eta ikustaldiak

Beste hedabide batzuek esaten dutena ere kontutan hartu behar dugu albisteak eman baino lehen, eta iturri moduan erabili. Interesgarria da besteek zer erraten duten entzutea eta ikustea. Lehiakideek zer-nolako irudiak zabaltzen dituzten ikustea ongarria da guk ere horrelakoak edo hobeak emateko.

Entzunaldiak irrati edo telefono bidez egin ditzakegu, eta ikustaldiak beste telebista kanalak ikuskatuz. Horrela, ETB 1eko berriemaileak ez du ikusiko ETB 2 kanaleko informazio saio batean ematen dutena, baina bai Frantziako telebistetan edo Espainiakoetan zer-nolako albisteak ematen dituzten. Horrez gain, nazioarteko kanalak ikuskatzea ere ona da; hala nola, Russian Today, Txinako nazioarteko telebista, Aljazzera telebista, DW alemana, CNN, BBC eta abar.


4. Aldizkari, argitalpen eta kazetak

Argi dago prentsa idatzia eta aldizkariak ere informazio iturri bilaka daitezkeela telebistalarientzat informazioak jasotzeko unean. Argia, Anboto, Berria eta enparauak gure idazgeletan eduki behar ditugun baliabideak dira iturri moduan. Lokalak, eskualdekoak edo nazionalak beti dira informazio ekai edo iturri, gure albisteak osatzeko orduan. Paperezko beste iturri batzuk entziklopediak izan daitezke, non datu interesgarriak topa ditzakegun.


5. Artxiboak 

Artxiboetan berriemaileok datu interesgarriak aurkitu ahal ditugu. Politikariek noizbait esandako xelebrekeriak edo kontraesanak topatu ahal ditugu, gaurkotasunezko informazioetan erants daitezkeen datuak hain zuzen ere. Artxiboak garai batean paperak gordetzeko egiten ziren; gaur egun, ordea disko gogorretan edo Blockchainen gorde daitezke datu horiek. 


6. Interneteko baliabideak

Interneteko baliabideen artean Twitter eta Youtube izan daitezke kanal nagusiak informazio interesgarriak edo datu berriak eskuratzeko, baina gainerako sare sozialak eta Blockchaineko hedabideak ere kontsultatu ahal ditugu informazio saioak profesionalago bihurtzeko.

Twitter mikrobloging sareari esker beste inon topatuko ez ditugun datuak eskuratu ahal ditugu. Gainera, gogora dezagun sare sozial horretan bideoak ere agertzen direla, oso adierazgarriak diren datuak dituztelarik. Adibide bat Kim Dotcom teknologo eta enpresari alemanak Covid-19 gaixotasunaz eta Trump AEBetako presidenteaz argitaratutakoa:

Wikipedia eta Wikinews ere ohiko beste iturri batzuk izan daitezke. Hala ere, gogora dezagun Wikipediako datuak ere ondo txekeatu behar ditugula guztion entziklopedian ere datu okerrak agertzen direlako. Eta hori diot, wikipedista naizen aldetik.


7. Gainerakoak: komunikazio kabineteak eta ikusleak  

Bukatzeko, beste bi iturri aipatu nahi ditut. Hasteko komunikazio kabineteak, enpresetan daudenak edo erakunde pribatu eta publikoetan egon daitezkeenak. Kabineteen zeregina oso loturik dago errepresentatzen duten enpresa edo erakundeekin; hortaz, inportantea da kabineteek ematen dituzten datuak kontuz tratatzea.

Bestalde, ikusleak ditugu, hau da, idazgeletako berriemaileekin harremanetan jartzen diren ikusleak, informazio kontrastatuak eta ezkontrastatuak bidaltzen dituztenak. Datu horiekin ere kontuz ibili behar dugu.

Share on Google Plus

Egilea: Gorka Jakobe Palazio

Gorka Jakobe Palazio EHUko irakaslea da, webgune garatzailea, Linux erabiltzailea, elearningaren arloan aditua; eta halaber, ikaslea beti.
    Blogger Comment
    Facebook Comment

0 comment(s):