Ene edukia / Mi contenido / My content

Social Nets: + 16.000 photos + 1000 videos + 24.800 tweets + 3500 pins

7. Hitz-laburtzapenak, zenbakiak eta kopuruak telebistako informazioan

 1. Hitz-laburtzapenak

Lehenengo eta behin argiro bereiztu behar ditugu laburdurak eta siglak edo laburkinak. Laburdurek izaera grafikoa dute; siglak, ostera, ahoskatu egiten dira. Hobeto ulertzeko, adibide batzuk jarriko ditut ondoren:

     jn. : jauna adierazten duen laburdura da

     Renfe: sigla edo akronimoa da (Red Nacional de Ferrocarriles Españoles)

Telebistan eta irratian siglak orokorki ezin dira erabili, salbuespenak salbuespen. Laburdurak ere saihestu egin behar ditugu, gidoitik edo testuetatik kenduz. Laburdura guztiekin gertatzen da debeku hori, laburdurak ez baitira ahoskatzen. Bistakoa da letra guztiak jarriz gero, hobeto ulertzen dugula laburdurek esan nahi dutena. 

Siglak sarritan agertzen dira informazio testuetan, oso ezagunak direnak ahoskatu egiten direlako izen arruntak bailiran. Horrela, telebistako testuetan maiz esaten ditugu CIA, FSB, ELA, LAB, NATO, LSD, TNT, Unesco, Unicef.... Akronimo horiek ebaki egiten dira eta esangura oso zabalduta dagoenez, ez dugu zertan bakoitzaren esanahia jarri behar. Baina, beste batzuetan informazio testuetan horren ezagunak ez diren siglak aipatu behar ditugu. Kasu horietan, akronimoaren esangura argiki erran behar dugu, ondoko kasu honetan bezala:

ABE delakoak, hots, Afrikar Batasunaren Erakundeak bakea lortzeko negozioaren alde egin du gerran dauden bi armadak deituz.

Egilea: Wokandapix. I don't know.

Behin akronimo ezezagunen azalpena entzun eta gero, ulergarriago suertatzen zaigu, sigla hutsa esanda albistea segitu ahal izatea. 

Gaur egun munduan dauden estatu batzuek laburkina daramate. Horrela, Amerikako Estatu Batuek prentsa idatzian AEB laburtzapena sortzen dute. Baina telebistarako albisteetan ezin dugu erabili AEB laburdura, ez baitugu inoiz ahoskatzen. Hortaz, izen osoa idatziko dugu telebistako testuetan, hau da, Amerikako Estatu Batuak. Errusiar Federazioaren kasuan ere berdin jokatu behar dugu akronimorik jartzeke (EF). Eta Arabiar Emirerri Batuen kasuan ere izen osoa jarri behar dugu siglarik sortzeke,, are gehiago zeren eta Amerikako Estatu Batuen laburdurarekin nahasketa gerta baitaiteke. Bestalde, siglak edo akronimoak silabikoak edo letraz-letrakoak izan daitezke. Hau hobeto ulertzeko, esan dezagun PSOE sigla ahoskatu ahal dugula letraz letra edo silabikoa ere izan daiteke ahoskera; bi modu desberdin sigla hori ebakitzeko, onargarriak diren bi molde.

EGA azterketa lantzeko Euskal Jakintzak gida interesgarria jarri du Google Sites gune batean. Eta Gorka Jakobe Palazioren tesia (hitz-laburtzapenak euskal hizkuntzan) ere kontsulta daiteke hitz-laburtzapenen gaian sakontzeko. Tesi horretan eta UZEIren beste batean oinarriturik, 2010ean, Eusko Jaurlaritzak liburua ere argitaratu zuen hitz-laburtzapenak finkatzeko asmoz.

 

Laburtzapenen hiztegia.


Bukatu aurretik, asko erabiltzen den laburdura baten aipamena egin beharra dago. Zenbakien ordinalak egiteko euskaraz "garren" atzizkia erabiltzen da eta normalean .gn laburdurarekin errepresentatzen da. Horrela, zortzigarren adierazteko 8. edo 8gn. ikus ditzakegu. Bi formak albo batera utzi behar ditugu telebistako testuetan berba osoa idatziz (zortzigarren).


2. Zenbakiak eta kopuruak

Bistan denez, zenbakiak aski zailak dira geuren buruan finkatzeko. Normalean, gogoratzeko lan franko ematen digute. Zenbakiak altuak direnean sortzen dira problemak. Bistan da, kopuru zehatzak eman ordez, kopuruak biribildu behar ditugula. Eta biribiltze horiek burutzeko honako esamoldeak erabili ahal ditugu: gutxi-gorabehera, -ren bat, -tik gora... Gainera, albiste batean zenbaki asko egonez gero, kontua ez da zenbaki edo kopuru guztiak aipatzea. 

Garrantzitsuenak esan behar ditugu, ez besterik. Eta askotan kopuruen arteko diferentziak egin daitezke erkaketa esanguratsuak ateratzeko. Adibidez, koronabirusa dela-eta, ariketa praktikoa izan daiteke Indexmundiren datu hauetatik albiste laburra egitea, 30 segundukoa, munduko estatuen arteko oheak/mila biztanleko ratioa konparatuz.


Zenbakiak edo kopuruak topatzen ditugunean edo baliatu behar ditugunean, zenbait arau hartu beharko genituzke aintzakotzat telebistan zein irratian (Palazio, 2000, 105):

1. Ez erabili zenbaki-zerrendarik. Albsite bakoitzean, saia zaitez ahalik eta zenbaki gutxiago idazten. Albiste baten barruan kopuru batzuk badaude, guztiak pilatu eta esan, baina beren arteko diferentzia emanez edo batuketa aipatuz.

2. Albistea ez da hasi behar inoiz zenbaki edo kopuru zehatz batekin, batez ere kopurua hiru zifra baino gehiagokoa bada. Albistearen mamia kopuruan badatza, biribiltzeko joerarekin eman behar da zenbakia

3. Kopuruen biribiltze hori, esan bezala, huru zifra baino gehiago dituzten zenbakiekin gertatzen da. Hori egiteko orduan, honako esamolde hauek erabil ditzakegu: ... inguru, .... gutxi gorabehera, -(r)en bat.

4. Zifra bat edo bi dituzten zenbakiak zifrak erabiliz idatz daitezke, irakurtzeko errazak baitira. Baina hiru zifra baino gehiagokoak badira, letraz edo hizkiz idaztea komeni da. 1 eta 11 zenbakiak letraz idatzi ohi dira, baita pasartearen hasieran agertzen den edozein zenbaki ere.

5. Frakzioak edo zatikiak idatzi egiten dira. Ezin daiteke zeinu aritmetikorik erabil: 1/6, 3/8, etab.

6. Ez da komeni % zeinua erabiltzea, horren ordez ehuneko hitza jarri behar dugularik.

7. Orduak jartzeko orduan, letrak erabili behar ditugu: arratsaldeko bost térdietan hasiera eman zaie  euskarari buruzko topaketei.

8. Datak zenbakiz edo zifraz jarri behar dira, baina dagozkien deklinabide kasuak ipiniz. Adibidez: 1988ko otsailaren 12an...

9. Zenbaki ordinalak letraz idatzi behar dira: lehenengo, zortzigarren, hogeita zazpigarren...

10. Telefono zenbakiak banan-banan edo binaka/hirunaka jarri behar ditugu (zifrak erabiliz), baita horrelaxe ahoskatu ere (euskaraz aipatzean, hobe da banan-banan adieraztea).

Adibidez: 9-4-6-0-1-2-0-0-0 edo 94.601.2000

11. Milioi eta bilioi hitzekin nahastea suerta lekioke entzuleriari, zeren eta "b" eta "m" soinuak ez baitira ondo bereizten aditzeko orduan. Nahaste hori gerta ez dadin bilioi hitza idazten dugunean, komenigarria da "b-z, bai" errepika ipintzea, geroago mikrofonoz esateko. Adibidez: Bi bilioikoa da, b-z bai, datorren urterako CIA inteligentzia-agentzia iparramerikarrak omen duen aurrekontua.

12. Hau guztia horrela idatzi behar da, albistearen mamia edo gakoa kopuruan ez badago. Esaterako, Everest tontorraren altuera edo loteriaren zenbakia denean salbu.

Datu kazetaritzan oinarriturik, telebistatik gero eta notizia gehiago ematen ditugu, kopuruz beteta daudenak. Eta hori dela-eta, komeni da, ahal delarik, infografiak jartzea kopuruak ulergarriago egitearren. Infografia asko daude Pinterest sare sozialean.

Egilea: 22 degrees


Erreferentzia

Palazio, Gorka Jakobe (2000). Irratibidearen barrunbean zehar. Harigabeko telegrafiatik ziber-irratietara. UEU, Donostia









Share on Google Plus

Egilea: Gorka Jakobe Palazio

Gorka Jakobe Palazio EHUko irakaslea da, webgune garatzailea, Linux erabiltzailea, elearningaren arloan aditua; eta halaber, ikaslea beti.
    Blogger Comment
    Facebook Comment

0 comment(s):