Ene edukia / Mi contenido / My content

Social Nets: + 16.000 photos + 1000 videos + 24.800 tweets + 3500 pins

8. Hitzak eta testuak aukeratzen telebistako informazioa burutzeko

Bistan denez, telebistan badugu eduki printzipio bat, beti aplikatzen duguna telebistako informazio saioetan: ulergarritasunik handiena lortu behar da. Horrek ahozko estiloa sortzen du, hau da, istorioak ahoz kontatzen ditugun bezalaxe kontatu behar dira telebistan ere. Erraz irakurri ahal izateko estilo idatzia erabili behar dugu telebistako idazgelan. Testu argiak eta xeheak izan behar dira. Informazio saioetan literaturan erabiltzen diren hitzak albo batera utzi behar ditugu.

Berriemaileak, hots, hizlariak argi eta garbi kontatu behar dio gertakaria teleikusleari, estilo kolokiala baliatuz. Estilo edo molde hori, hala ere, ez da inprobisatua izan behar, ezta erredundantea edo zatarra ere. Testu ulergarriak egin behar ditugu, ahoz esateko direnak.

Telebistako informazio saioetan dabiltzan berriemaileek hitz laburrak eta xeheak edo arruntak erabili behar dituzte. Horren zioa oso sinplea da: silaba bakarreko hitzak edota arruntak hobesten baditugu, ulergarritasuna handiagoa izango da  hitz ez-erabiliak eta luzeak (hiru silabakoak, kasurako) erabiltzen baditugu baino. Adibideak asko izan daitezke. Ekar ditzagun hona zenbait:

   antzina/aurrera: kasu honetan aurrera hitza hedatuago dagoenez, horixe hobetsiko dugu

   deitu/hots egin: beste kasu honetan deitu aditza hobetsiko dugu usuago erabiltzen dugulako

   heldu/ailegatu: bi aukera hauen artean, heldu aditza da hobetsiko dena, ailegatu aditza literaturarakoa utziz.

   lehenengoz/estrainekoz: hemen ere bistan da estrainekoz hitza literaturarako utzi behar dugula.

Batzuetan neologismoak idatzi eta esan beharko ditugu gure informazio testuetan. Hala ere, kontutan izan orokorki maileguak ulergarriagoak izan ohi direla neologismoak baino.

Adjektiboen kasuan, lehenengo eta behin esan dezadan maiz ez direla beharrezkoak informazio testuetan. Adjektiboek zama ideologiko handia dute. Adjektiboz betetako estiloa edo estilo loretutzat ezagutzen duguna, telebistako informazio zerbitzuetan erabili behar den moldearen aurka doa. Adjektiboek bazter uzten dute berriemaileek ukan behar duten objektibitatea. Zuzenak izateko oztopoak jartzen dituzte adjektiboek. Adjektiboak behar-beharrezkoak direnean eta albistea zehazten laguntzen dutenean soil-soilik idatz daitezke; osterantzean, hobe da ez baliatzea. Adibideak: deklarazio higuingarriak egin ditu Europar Batasuneko agintariak, hilketa nazkagarria egin dute soldaduek.... Adibide horietan, esaterako, bistan da adjektiboak soberan daudela.

Aditzondoei dagokienez, adjektiboekin gertatzen den bezala, zerbait argitzeko edo adierazteko edo notizia hobeto ulertzeko balio badute, orduan bai, erabil daitezke; bestela, hobe da ez erabiltzea. Adibideak: Polito egin dute langileek lana ospitale horren arin eraikitzeko. Adibide horretan, polito edo poliki hitza soberan dago, zeren eta aditzondo horrek gainera bi esangura baititu: ederki eta astiro.

Ondoren, aditzak aipatu behar ditugu. Aditzak oso funtzio inportantea dauka esaldi orotan. Esaldiak elilptiko eraman ahal du aditza, prentsa idatziko titular edo lerroburuetan batzuetan ikusten den bezala, baina telebistako informazio testuetan ezin dugu eliptiko utzi aditza. Telebistan esan egin behar dugu aditza ezinbestez. Bestalde, aditzen denboraz luze mintza liteke.

Telebistako informazio testuetan orainaldia eta geroaldia oso inportanteak dira iraganaldiaren kaltetan. Bistan da horren zio edo zergatia. Oraintxe edo berriki gertatu direnak kontatu behar ditugu, edota geroaldian jazoko direnak, bistan denez. Lehentxoagoa ere denbora interesgarria da zeren eta orain dela gutxi izandako gertakariek gaurkotasun zama handia baitute. Kazetaritzan esan ohi den bezala: "albisteak egun bakar batean zahartzen dira prentsan, zenbait ordutan telebistan eta minututan irratian". Hortaz, telebistan ia irratian bezalatsu jokatu behar dugu gaurkotasunari behin eta berriz erreferentzia eginez, are gehiago gure aroan, zeinetan tokian-tokiko kanal asko baitaude. Halarik ere, gogora dezagun batzuetan iraganeko gertakariak ere gaurkotasunezkoak izan ahal direla, horrelako kasuetan aditzen iraganaldia erabiltzen dugularik.

Telebistako informazio saioetan, bada aditz bat sarritan aipatu behar duguna: esan/erran. Hori dela-eta, komenigarria da kontutan hartzea nafar hizkuntzan modu askotara esan ahal dela honako adibidean ikusi ahal dugun bezala:

Parlamentuko presidenteak erran duenez (aditzera eman duenez, azaldu duenez, aipatu duenez, agertu duenez, aditzera eman duenez, aditzen eman duenez).

Juntaginei dagokienez, esan behar da partikula edo hitz horiek esaldiak luzatzea eragiten dutela, hau da, eta/baina/nahiz eta/baldin eta/zeren eta... bi esaldi batzeko aukera ematen digute. Beraz, telebistako informazio testuetan, modu kolokiala erabili behar dugunez, ez dirudi juntaginak behin eta berriz erabili behar ditugunik. Argi dago, erabili ahal ditugula, baina kontuz ibili behar dugu esaldiak ez luzatzearren. Gogora dezagun 18 hitzeko muga dugula perpausak burutzeko. Askotan hobe da juntagina kentzea eta bereiztutako bi esaldi egitea.

Interjekzioen inguruan zerbait esan behar bada, hitz horien erabilieraren debekua dagoela esatea aski da. Harridurazko esaldiek animo edo gogoaren egoera adierazten dutenez, tamalgarria litzateke albistegietan erabiltzea, objektibitateari eta neutraltasunari on gutxi egingo bailiekete.

Telebistako informazio testuetan esaldiek gehienez 18 hitz eraman ditzakete (bi lerro). Luzeagoak izanez gero, ahalegin handia eraginen ligukete gogo edo oroimenean gordetzeko, eta beraz ulergarritasuna bazter utziko genuke. Telebistan, esaldi laburrak eta egitura gramatikal arruntak dituztenak egin behar ditugu, gehienetan "subjektua-osagarria-aditza" egitura daramaten esaldiak hain zuzen ere.

​Bukatzeko, aipa dezagun zalantza bat telebistako berriemaile guztiek noizbait beti eduki dutena: batzuetan informatzeko unean ez dakigu singularreko lehen pertsona edo pluralekoa zer erabili zerbaitetaz enteratzen garenean norbaitek esanda. Adibide honen bi posibilitare ikusiz hobeto ulertuko dugu:

   Guretze Gorrikoek esan berri didatenez (niri)

   Gurutze Gorrikoek esan berri digutenez.... (guri)

Telebistako informazio testuetan bigarrena hobesten da, nahiz eta berriemailearen lan egoera ere kontutan hartu behar den, zeren eta desberdina baita telebistako langile finkoa izan ala zure kabuz lan egitea. Bigarren kasu horretan, zilegi izan behar da singularreko lehen pertsona erabiltzea, jakina.  


Share on Google Plus

Egilea: Gorka Jakobe Palazio

Gorka Jakobe Palazio EHUko irakaslea da, webgune garatzailea, Linux erabiltzailea, elearningaren arloan aditua; eta halaber, ikaslea beti.
    Blogger Comment
    Facebook Comment

0 comment(s):